XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Josune ARIZTONDO

Aniztasuna zaindu nahi izan dugu, eta akatsen bat izan arren, denok hartzeko moduko plan integratzaile bat egin nahi izan dugu.

Euskara bermatua ez dagoen arren, etorkizuna eguneroko lanean irabazi behar den zerbait da.

Euskara Biziberritzeko Plana, izatez, elkarlanerako tresna da

Iragan astean Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari onespena eman zion Euskararen Aholku Batzordeak. Datozen hamar urteetarako nolabaiteko bidea argitzen digu, eta Administrazioak ez ezik, gizarteak berak ere bere egin behar duela azpimarratu du Josune Ariztondok, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak.

Galdera.- Badira ia 20 urte Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial egin zenetik. Zer hutsune bete daiteke oraingo Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren bidez?

Erantzuna.- Uste dut urte hauetan bide bat egin dela, eta bide hori egite hutsak erakutsi dizkigu lorpenak zein hutsuneak, edo hobe daitezkeenak.

Horrela, gauza batzuk zuzen daitezke seguru asko, eta hutsune horiek batez ere euskararen erabilerarekin lotuak izango liratekeelakoan nago.

Gaur egun duela 20 urte baino euskaldun elebidun gehiago daukagu, baina erabileran ez dugu honenbeste aurrepauso egin, oraindik euskaldunon kopurua hain handia ez delako eta, horrenbestez, ez dago euskaraz hitz egiteko hainbeste aukera.

Beraz, datozen urteetarako erronka euskarazko produktu eta zerbitzu berriak eskaintzean datza, erabilerarako aukera hori zabalduz.

G.- Beste urrats bat egitekotan zaudete hainbat arlotako euskararen normalizaziorako lana zuzpertuz, antza.

E.- Bai, horixe da. Nik esango nuke helburu nagusia dela euskaraz bizi nahi duenari horretarako aukeren eskaintza areagotzea, eta aukera horiek herritarrak izan ditzan, hizkuntza politika egokia edukitzea.

Jomuga hori gehiago zehaz daiteke alorrez alor, eta esparru estrategikoak badira familia, irakaskuntza, prentsa idatzia, aisia, kulturgintza...

Hau da, euskal hizkuntzaren erabilerarekin lotuak izango liratekeen arloak.

Beste helburu zehatz bat esatekotan, aipatu beharko litzateke honako hau: euskararen erabilera esaten dugu, baina berori onbideratu behar dugu euskara komunikaziorako hizkuntza erosoa izan dadin.

Era berean, arlo funtzional horrezaz gain, arlo sinbolikoa ere bete behar du, bestela, herren geratuko litzateke normalizazio bide hori.

G.- Orduan ardura Administrazioari ez ezik, euskal gizartearen beste esparru batzuei ere dagokie; alegia, guztien lana nahitaezkoa da, ezta?

E.- Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, izatez, elkarlanerako tresna da.

Garrantzitsua da administrazio guztien lan egitea eta, era berean, ezinbestekoa da horrekin batera gure artean dauden herri elkarte, herri erakunde eta gizabanakoen ahalegin handia.

Etorkizunak ez dauka euskara bermatuta, etorkizuna asmatu egin behar da, eta etorkizuna nolabait asmatzen duguna izango da, euskararentzat ere bai.

Datozen urteetan, geure gazteen erronka izango da eleaniztasunarekin batera euskara ere sartzea, euskaldunontzako hizkuntza delako

G.- Etorkizuna aipaturik, zer gerta daiteke datozen hamar urteetan?

E.- Elkarlanean aritu, halako alderdi politikoen arteko istiluetatik euskara atera, denon ondaretzat hartu eta euskararen alde denok lan egiteko gai bagara, hizkuntzaren normalizazioan aurrerapausoak egin ahal izango dira.

G.- Alabaina, zeintzuk izan litezke eragozpen nagusiak?

E.- Nire aburuz, ia ia geure baitan ditugun eragozpenak dira.

Euskararen normalizaziorako, adibide bat aipatzearren, euskaldunon artean ere hedatuta egon daitekeen gaztelerarako gogogabetasuna oztopo nagusietako bat delakoa daukat.

Beste oztopo bat izan daiteke, aurrekontuak ez igotzeko egoten den joera, edota elebakartasunaren aldeko diskurtsoa, nolabait esateko eleaniztasunaren alde izan behar litzatekeelako.

Datozen urteetan, geure gazteen erronka izango da eleaniztasun horrekin batera euskara ere sartzea, euskara ez delako beste hizkuntza bat bakarrik, euskaldunontzako berezko hizkuntza baizik.

G.- Plan Nagusia burutzeko jende askorekin bildu zarete ahalik eta adostasun handien eskuratzeko asmoz.

E.- Bai, Plan hau egiteko Euskararen Aholku Batzarraren laguntza izan dugu, baita euskal munduko adituena ere.

Aniztasuna zaindu nahi izan dugu, eta Plan Nagusiak akatsen bat izan arren, denok hartzeko moduko plan integratzaile bat egin nahi izan dugu.

G.- Eta aipatzen duzun adostasun hori Legebiltzarrean islatuko da?

E.- Orain, ez dago biderik Legebiltzarrera Plan Nagusia eramateko, baina guk Jaurlaritzak onartzea nahi dugu, eta hurrengo legealdiko Jaurlaritzak bere egingo duelakoa daukat, Plana adostua baita.

Eta Jaurlaritza berri horrek erabakiko du Legebiltzarrera eramango duen ala, besterik gabe, abian jartzen duen.

Dena dela, hurrengo legealdirako erabakitzeko geratuko da.

G.- Jose Antonio Ardanzak lehendakariak Euskararen Aholku Batzordeari egin agurrean azaldu zuen euskarak ez duela oraindik bere biziraupena ziurtaturik eta bermaturik.

E.- Bai halaxe dela. Gaur egun, euskaldun elebidunak %26 garenean, ez dut uste euskara bermatuta dagoenik, horrek esan nahiko bailuke euskal hizkuntza normalizatuta dagoela.

Dena dela, lehen esan dudan bezala, bermatuta ez dagoen arren, etorkizuna eguneroko lanean irabazi behar den zerbait da. Denon artean daukagun erronka da.

G.- Eta amaitzeko, Euskara Biziberritzeko Plana Euskal Herri osoko hizkuntzaren egoerari begira eginda dagoenez gero, esan zeniezadake nola ikusten duzun Nafarroa eta Iparraldeko normalizazioa?

E.- Oso egoera ezberdinak dituzte Nafarroak eta Iparraldeak.

Nafarroaren zati batean euskara hizkuntza ofiziala da eta, beraz, babesa badu eta aurrera ere egin du, Euskal Auntonomia Erkidegoan beste hainbeste izan ez arren.

Dena dela, inkesten arabera, hizkuntza politika abian jarri den neurrian, euskarak aurrera egin du, bai erabileran, bai gaitasunean eta baita euskararen aldeko jarreretan ere.

Iparraldean Frantziako Estatuak ez du onartzen, euskarak ez du inolako maila ofizialik, eta horrek erakusten ditu geroago etortzen diren emaitzak.

Ikastoleen bidez hazi batzuk jarrita badaude ere, urteak igaroko dira horien emaitzak ikusi ahal izateko.